Dina Bilbao Barruetabeña Bekaren lehen deialdiak eman du berea. Erantzun ederra izan du ekimenak: 10 proiektu jaso dira guztira, eta, azkenean, “URTU BAINO LEHEN” lanak jasoko du beka eta bidaia egiteko aukera.
Beka jasoko duen egitasmoa:
Ibarrako eta Belauntzako (Gipuzkoa) zazpi neska-mutilek landu dute “URTU BAINO LEHEN” proiektua. Sakon, txukun, eta mimoz landu ere. Berotegi efektuak eta klima aldaketak azken hamarkadetan naturan, eta, bereziki, Alpeetako glaziarretan eragin duten kaltea eta atzerakada aztertzea da euren helburua. Eta, asmo horrekin, Alpeetako bertako aditu eta herritarrekin elkarrizketak egingo dituzte, Alpeetako glaziar ingurune ederrenetako batzuk ezagutuko dituzte, eta, ondoren, gaiaren inguruko kontzientziazioa bultzatzen saiatuko dira. Besteak beste, honako glaziarrak bisitatu eta aztertzeko asmoa dute: Anniviers ibarreko Moiry glaziarra; Monte Rosa magaleko Gorner glaziarra; Eiger, Monch eta Jungfrau magaleko Aletsch glaziarra eta Oberlandeko Trift glaziarra.
Zazpi gazte hauek 10 eguneko bidaia egingo dute Alpeetako glaziar eta natur inguruetan barna, furgoneta batean, Josu Iztueta gidari dutela eta eurek landu duten gaian aditua den norbaitek lagunduta. Bidaia irailean izango da (taldekideekin zehaztuko dira egunak), eta horretarako bekak eskaintzen duen 3.000 euroko aurrekontua izango dute gazteek.
Asmo originalak eta landuak:
Nabarmentzekoa izan da Dina BBren lehen deialdira aurkeztu diren hamar lanen maila, originaltasuna, ezagutza eta guztiek islatzen duten ilusioa. Hizkuntza kezka nagusi hartuta, Europako lau errealitate linguistiko ezagutzeko asmoa duen proiektua; Pasaiako batelariak eta Veneziako gondolariak elkarri lotuz bi herrietako itsas tradizioa eta bizimoldea aztertzeko asmoa duena; arteari loturik, eta bide guztiak Erromara eramaten ote duten jakin nahirik, Donostiatik Italiako hiriburura joan nahi duten gazteen egitasmoa; Ötzi, duela 5300 urte Dolomitetan bizi zen artzainaren urratsetan mendigune hark eskaintzen dituen kirol eta kultur aberastasunak gozatu nahi dituzten gazteen ekimena… Proiektu asko izan dira beka jasotzeko modukoak, gauzatzeko oso politak. Horregatik, nahiz eta beka batek jaso, asmoak aurrera eramatera animatu nahi ditugu gazte guztiak.
Dinaren izpiritua
Beste kultura, hizkuntza eta herrialdeekiko kezka eta jakin-mina, naturarenganako maitasuna eta errespetua, bidaiatzeko grina, kirol zaletasuna, emakumeen berdintasunerako ahalegina, talde lanerako gogoa… Balio horiek guztiak ikusi ditugu islatuta bekara aurkeztu diren proiektu guztietan. Dina Bilbaok bere bizian landu eta zabaldutako balioak. Gazteen artean ilusio hori ikusteak poztu gaitu izugarri. Hori dela eta, bekaren bitartez haren izpirituak bizirik jarraituko duela ziur gaude hurrengo deialdietara begira ere.
Informazioa zabaltzeko:
Beka jasoko duen taldearekin harremanetan jartzeko:
Ibai Sarasola: 943-577725 / 662-031671 / ibai_47@hotmail.com
Bekaren antolatzaileekin harremanetan jartzeko:
Josu Iztueta: 669-022215 (Ekainaren 24 arte)
Xabin Mujika: 635-729424
sábado, 23 de junio de 2007
lunes, 4 de junio de 2007
Bekaren oinarriak
1. Gutxienez bost eta gehienez zazpi kideko taldeek eskatu ahal izango dute beka, 16 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzendua dago beka edo deialdia.
2. Zazpi eta hamar egun bitarteko bidaia proposamen bat aurkeztu beharko dute. Bidaia horrek gai nagusi edo hari bat izango du, bidaiari zentzua emango diona, eta horren ezagutzan sakontzeko balioko du (kirola, natura, artea, historia, hizkuntza, lanbideak, bizimoduak…). Kontuan hartuko da: asmo berritzailea izatea; taldeko kideek bidaian egingo dituzten ikerketak, bisitak, elkarrizketak, txangoak eta oro har lan banaketa zehaztea; bidaiak ondorengo emaitza bat lantzeko aukera ematea (testuak, erreportajeak, argazkiak, ikus-entzunezkoak, web orriak…).
3. Gehienez hamar orrialdetan azaldu behar da asmoa (testuak, argazkiak, mapak eta bestelako elementuak barne) eta baita parte-hartzaileen oinarrizko datuak ere. Euskaraz idatzita egongo da egitasmoa, batuaz nahiz edozein euskalkitan.
4. Proiektu irabazleak denbora eta laguntza izango du bidaia prestatzeko, irailean egingo bailitzateke (elkarrekin beste garai bat ere adostu liteke).
5. Bidaia bederatzi lagunentzat bereziki prestatutako furgoneta batean egingo da (horrek ahalbidetzen baitu garraio, ostatu eta janari gastuak murriztea). Talde irabazlearekin Josu Iztueta bidaiaria eta beste pertsona bat joango lirateke (bigarren hau, kazetari, biologo, kirolari, artista edo dena delakoa izango da, proiektu irabazleari hobekien egokitzen zaiona).
6. Bidaiak gehienez 3.000 euroko aurrekontua izango du.
7. Lanak jasotzeko epea ekainaren 20a izango da, eta 23an emango da ezagutzera irabazlea. Zortzi lagunek osatutako epaimahai batek aukeratuko du proiektu saritua.
8. Lanak bidaltzeko:
Postaz:
Dina Bidaia-Beka
104 Posta Kutxa
20400 TOLOSA
GIPUZKOA
Posta elektronikoz:
dinabidaiabeka@gmail.com
Harremanetan jartzeko edo informazioa osatzeko:
Telefonoak: 943 67 45 52 (erantzungailuan mezua utzita) / 669 022 215
104 Posta Kutxa
20400 TOLOSA
GIPUZKOA
Posta elektronikoz:
dinabidaiabeka@gmail.com
Harremanetan jartzeko edo informazioa osatzeko:
Telefonoak: 943 67 45 52 (erantzungailuan mezua utzita) / 669 022 215
Bekaren aurkezpena
Datozen egunetan, urteko gau laburrenen garaian, hamar urte beteko dira Dina Bilbao eta Iñigo Ross Karibeko uretan desagertu zirela. Urtero sasoi honetan Dinamartxa izeneko bizikleta festa antolatu izan dugu bere lagunok, Tolosatik Ondarroara. Aurten hamargarren urteurrena betetzen dela eta, beste asmo berri bat azaldu nahi dugu: dinabb (Dina Bilbao Barruetabeña Bidaia Beka).
Dina 1960ko azken egunean jaio zen Ondarroan. Medikuntza ikasketak hasi eta Psikologiakoak aukeratu zituen ondoren, eta Tolosan hamabost urtez bizi izan zen. Euskarazko klaseak ematen, eski monitore eta piragua irakasle gisa atera zuen bizimodua Dinak, baina txikitan eta gaztetan hamaika lan eginak zituen antxoa garbitzen, ogitartekoak prestatzen edo inkestak egiten.
Bere kirol ibilbideagatik egin zen Euskal Herrian ezaguna, baina berandu ekin zien lehiaketei, hogei urteak pasatuta, 80ko hamarkadan gauzak bestelakoak zirelako: emakumeak ez zuen ia lekurik kirolean, ezta bizitza publikoan oro har. Horregatik aitzindari izan zen Dina, hainbat emakume kirolari gazterentzat erreferentzia. Hurbiletik ezagutu genuenok badakigu bizitza bera hartzen zuela kiroltasunez.
Iraupen eskian eta txirrindularitzan eman zituen lehenengo urteak, eta ondoren triatloian aritu zen buru-belarri. Ehun triatloi baino gehiago egin zituen, beste berrogei bat neguko triatloi eta hirurogei bat duatloi. Berdin zitzaion luzeak ala laburrak izan, etxe aldamenean ala urrutiko lurretan.
Izan ere, kirola aitzakia hartuta munduko hainbat eskualde ezagutu zituen: Laponia, Groenlandia eta Alaska eskiz; Ipar Amerika eta Eskandinavia bizikletaz; Nilo ibaia piraguaz; Andaman irlak arraunean…1995ean Karibeko Antigua uhartera joan zen bizitzera. Eta 1997ko Sanjoan bezperan hango uretan desagertu zen Iñigo Rossekin batera.
Bidaia beka honekin, Dinak bere bizitza labur bezain bizi jarraitu zituen baloreak sustatu nahi ditugu: kiroltasuna, euskaltzaletasuna, proiektu berriei ekiteko irudimena eta ausardia, beste lurraldeetako biztanle eta bizimoduekiko jakin-mina, bizikidetzarako gaitasuna…
Suscribirse a:
Entradas (Atom)