lunes, 4 de junio de 2007

Bekaren aurkezpena


Datozen egunetan, urteko gau laburrenen garaian, hamar urte beteko dira Dina Bilbao eta Iñigo Ross Karibeko uretan desagertu zirela. Urtero sasoi honetan Dinamartxa izeneko bizikleta festa antolatu izan dugu bere lagunok, Tolosatik Ondarroara. Aurten hamargarren urteurrena betetzen dela eta, beste asmo berri bat azaldu nahi dugu: dinabb (Dina Bilbao Barruetabeña Bidaia Beka).

Dina 1960ko azken egunean jaio zen Ondarroan. Medikuntza ikasketak hasi eta Psikologiakoak aukeratu zituen ondoren, eta Tolosan hamabost urtez bizi izan zen. Euskarazko klaseak ematen, eski monitore eta piragua irakasle gisa atera zuen bizimodua Dinak, baina txikitan eta gaztetan hamaika lan eginak zituen antxoa garbitzen, ogitartekoak prestatzen edo inkestak egiten.

Bere kirol ibilbideagatik egin zen Euskal Herrian ezaguna, baina berandu ekin zien lehiaketei, hogei urteak pasatuta, 80ko hamarkadan gauzak bestelakoak zirelako: emakumeak ez zuen ia lekurik kirolean, ezta bizitza publikoan oro har. Horregatik aitzindari izan zen Dina, hainbat emakume kirolari gazterentzat erreferentzia. Hurbiletik ezagutu genuenok badakigu bizitza bera hartzen zuela kiroltasunez.

Iraupen eskian eta txirrindularitzan eman zituen lehenengo urteak, eta ondoren triatloian aritu zen buru-belarri. Ehun triatloi baino gehiago egin zituen, beste berrogei bat neguko triatloi eta hirurogei bat duatloi. Berdin zitzaion luzeak ala laburrak izan, etxe aldamenean ala urrutiko lurretan.

Izan ere, kirola aitzakia hartuta munduko hainbat eskualde ezagutu zituen: Laponia, Groenlandia eta Alaska eskiz; Ipar Amerika eta Eskandinavia bizikletaz; Nilo ibaia piraguaz; Andaman irlak arraunean…1995ean Karibeko Antigua uhartera joan zen bizitzera. Eta 1997ko Sanjoan bezperan hango uretan desagertu zen Iñigo Rossekin batera.

Bidaia beka honekin, Dinak bere bizitza labur bezain bizi jarraitu zituen baloreak sustatu nahi ditugu: kiroltasuna, euskaltzaletasuna, proiektu berriei ekiteko irudimena eta ausardia, beste lurraldeetako biztanle eta bizimoduekiko jakin-mina, bizikidetzarako gaitasuna…

No hay comentarios: