sábado, 23 de junio de 2007

Sariduna: URTU BAINO LEHEN

Dina Bilbao Barruetabeña Bekaren lehen deialdiak eman du berea. Erantzun ederra izan du ekimenak: 10 proiektu jaso dira guztira, eta, azkenean, “URTU BAINO LEHEN” lanak jasoko du beka eta bidaia egiteko aukera.


Beka jasoko duen egitasmoa:

Ibarrako eta Belauntzako (Gipuzkoa) zazpi neska-mutilek landu dute “URTU BAINO LEHEN” proiektua. Sakon, txukun, eta mimoz landu ere. Berotegi efektuak eta klima aldaketak azken hamarkadetan naturan, eta, bereziki, Alpeetako glaziarretan eragin duten kaltea eta atzerakada aztertzea da euren helburua. Eta, asmo horrekin, Alpeetako bertako aditu eta herritarrekin elkarrizketak egingo dituzte, Alpeetako glaziar ingurune ederrenetako batzuk ezagutuko dituzte, eta, ondoren, gaiaren inguruko kontzientziazioa bultzatzen saiatuko dira. Besteak beste, honako glaziarrak bisitatu eta aztertzeko asmoa dute: Anniviers ibarreko Moiry glaziarra; Monte Rosa magaleko Gorner glaziarra; Eiger, Monch eta Jungfrau magaleko Aletsch glaziarra eta Oberlandeko Trift glaziarra.

Zazpi gazte hauek 10 eguneko bidaia egingo dute Alpeetako glaziar eta natur inguruetan barna, furgoneta batean, Josu Iztueta gidari dutela eta eurek landu duten gaian aditua den norbaitek lagunduta. Bidaia irailean izango da (taldekideekin zehaztuko dira egunak), eta horretarako bekak eskaintzen duen 3.000 euroko aurrekontua izango dute gazteek.

Asmo originalak eta landuak:

Nabarmentzekoa izan da Dina BBren lehen deialdira aurkeztu diren hamar lanen maila, originaltasuna, ezagutza eta guztiek islatzen duten ilusioa. Hizkuntza kezka nagusi hartuta, Europako lau errealitate linguistiko ezagutzeko asmoa duen proiektua; Pasaiako batelariak eta Veneziako gondolariak elkarri lotuz bi herrietako itsas tradizioa eta bizimoldea aztertzeko asmoa duena; arteari loturik, eta bide guztiak Erromara eramaten ote duten jakin nahirik, Donostiatik Italiako hiriburura joan nahi duten gazteen egitasmoa; Ötzi, duela 5300 urte Dolomitetan bizi zen artzainaren urratsetan mendigune hark eskaintzen dituen kirol eta kultur aberastasunak gozatu nahi dituzten gazteen ekimena… Proiektu asko izan dira beka jasotzeko modukoak, gauzatzeko oso politak. Horregatik, nahiz eta beka batek jaso, asmoak aurrera eramatera animatu nahi ditugu gazte guztiak.

Dinaren izpiritua

Beste kultura, hizkuntza eta herrialdeekiko kezka eta jakin-mina, naturarenganako maitasuna eta errespetua, bidaiatzeko grina, kirol zaletasuna, emakumeen berdintasunerako ahalegina, talde lanerako gogoa… Balio horiek guztiak ikusi ditugu islatuta bekara aurkeztu diren proiektu guztietan. Dina Bilbaok bere bizian landu eta zabaldutako balioak. Gazteen artean ilusio hori ikusteak poztu gaitu izugarri. Hori dela eta, bekaren bitartez haren izpirituak bizirik jarraituko duela ziur gaude hurrengo deialdietara begira ere.


Informazioa zabaltzeko:

Beka jasoko duen taldearekin harremanetan jartzeko:
Ibai Sarasola: 943-577725 / 662-031671 / ibai_47@hotmail.com

Bekaren antolatzaileekin harremanetan jartzeko:
Josu Iztueta: 669-022215 (Ekainaren 24 arte)
Xabin Mujika: 635-729424

No hay comentarios: